|
BANAKAKO ARIKETA EGITARAUA,
ERRETINOSI PIGMENTARIOKO GAIXOEN IKUSMENA ETA BIZI-KALITATEA HOBETZEKO
Sarrera
Arnas-botatze teknika
Sentimenak
Irribarre egitea
Ahurrak estalgarri
Begirada egokitzen
"Beti egin duzuna besterik egiten
ez baduzu,
beti joan zarena baino urrunago ez zara iritsiko"
-anonimoa-
Gure osasunaz hitz egiten dugunean, eta batez ere gure begien osasunaz
eta gure bizi-kalitateaz, merezi du hausnartzea zein jarrera den
kaltegarri eta zein mesedegarri; hau da, zein jarrerak ikusarazten
digun bizitza "malko leku" moduan, eta zeinek, ostera,
aurkezten digun benetan bizitzea eta gozatzea merezi duen esperientzia
gisa, egunez egun osasunerantz nola hobeto abiatu erakutsiz.
Gure bizitzako ohiturek, askotan, zoritxarreko sentitzera eta gaixotasunera
garamatzatela ikusten badugu, aukera eman diezaiogun geure buruari
ohitura berriak hartzeko, eta hauen bitartez zoriontasuna eta osasuna
bilatzeko.
Eta egin dezagun hori bat ere beldurrik gabe, alaitasunez: zalantzarik
ez izan, portaera bat (orain artekoa) ikasi baldin badugu, portaera
berri bat ere geure egiteko gai izango garela.
Apur bat pentsatuz gero, ohartuko gara gutxitan onartzen dugula
beste inor arduratzea geure bizitzako gauza garrantzitsuez (ez eta
gairik xeheenak badira ere): geuk erabakitzen dugu nola jantzi,
uda non pasatu, etxea nola apaindu, soldata zertan gastatu, seme-alabak
nola hezi,... Eta hala ere, gure bizitzako oinarri-oinarrizko alde
bat guztiz besteren eskuetan uzten dugu: GURE OSASUNA.
Egia esan, ezin diogu jokabide horren errua geure buruari egotzi,
ez baitugute askorik irakatsi osasuna zaintzeaz: Nola hartuko dugu
gure esku ezagutzen ez dugun zerbaiten ardura?
Auto bat erosten dugunean, diru ugari ordaindu behar izan dugunez
gero, mekanika apur bat ikasi eta hura nola hobeto zaindu ikasten
saiatzen gara, zein erregai komeni zaion jakiten, adibidez. Baina
geure gorputza dohainik jaso dugunez, ez gara ohartzen hura behar
bezala ez zaintzea gero ordaindu egiten dugula, oinazea jasoz eta
bizi-kalitatea galduz.
Adituen laguntza eta aholkua beharrezkoak ditugu gure osasuna zaintzeko,
baina ez dugu horren ardura osoa sendagilearen esku utzi behar:
burua erabil dezagun, ikas dezagun eta arduratu gaitezen geure gorputzaren
osasunaz.
Gure eskuetan dagoena ez da soilik prebentzioa, zenbait gaixotasun
saihestea; horretaz gain, gaixotasunak agertu eta gero ere, asko
egin dezakegu geure osasunaren alde eguneroko ahalegin xumeen bidez.
1996an Euskadiko Erretinosi Pigmentarioko Gaixoen Elkarteak RPko
gaixoentzako soin-ariketa egitarau ondo betea sortu zuen eta haien
eskura jarri liburuxka batean bai eta audio-zintan.
 |
1996an Euskadiko Erretinosi Pigmentarioko Gaixoen Elkarteak
RPko gaixoentzako soin-ariketa egitarau ondo betea sortu zuen
eta haien eskura jarri liburuxka batean bai eta audio-zintan.
Material horretako zati batzuk hemen sartzea erabaki dugu,
on handia egin baitie ariketa egitaraua horretan murgildu
diren gaixo ugariri.
|
Arnas-botatze teknika
Ikasi behar dugun lehen ariketa estresaren kontrola dugu, eta behar
bezala arnas hartzeak ikaragarri lagunduko digu ahalegin horretan.
Ariketa honetan ez dezagun arnasa sakon hartu, ez dezagun arreta
arnasa hartzean jarri, baizik eta arnasa botatzean: nahikoa da arnas-hartze
laburtxo bat, eta segidan bai kontzentra gaitezen arnasa geldiro-geldiro
kanporatzeko.
Arnasa ahalik eta geldoen kanporatuta ere ez dugu arnas barik gelditzeko
arriskurik, gure birikek, berez, behar dugun airea hartuko baitute,
guk horretaz arduratu behar izan gabe. Egin dezagun ariketa hau
beti erropa erosoz jantzita, inon ere estutzen ez gaituena.
Behar bezainbeste aldiz errepikatuko dugu ariketa hau erlaxaturik
egon arte.
Sentipenak
Hainbat ikerketak erakusten dute zenbait sentipenek, sentipen ezkorrek,
ahuldu egiten gaituztela, eta sentipen baikorrek, berriz, sendotu.
Ahultzen gaituzten sentipen batzuk herra, bekaitza, mesfidantza,
beldurra, errua dira, besteak beste.
Sendotu egiten gaituzte, ostera, maitasunak, fedeak, konfiantzak,
esker onak...
Bestalde, sentipen ezkorrak izkutatzen ahalegintzen bagara geure
baitan pilatu baino ez ditugu egingo, eta bere horretan jarraituko
du haien eragin kaltegarriak.
Hortaz, ezinbestekoa dugu sentipen berriak, baikorrak, ezartzea
geure baitan, ahultzen gaituzten sentipen ezkorrak ordezkatzeko.
Irribarrea
Hain arrunta eta erraza den keinu honek hainbat gihar mugiarazten
eta hormona abiarazten ditu, eta ondorioz eragin terapeutiko ikaragarri
handia dauka. Ez dugu hemen sakonduko hain konplexua den irribarrearen
prozesu fisiologikoan, baina hausnarketa txiki bat bai egingo dugu:
gustura gaudenean irribarrea berez sortzen zaigun bezalaxe, irribarrearen
keinua bera behin eta berriro egiteak hobeto sentiarazten gaitu.
Horregatik dugu hain onuragarri ezpainetan irribarrea eramatea beti,
eta batez ere irribarrerako arrazoi eta gogorik gutxien daukagunean.
Egin ezazu proba: berehala nabarituko duzu keinutxo honen eragin
ona (bai zeugan eta bai ingurukoengan).
Ahurrak estalgarri
"Gure gorputza lorategia dugu, eta gure borondatea lorezaina"
-William Shakespeare"-
Onura handia ekar diezaguke zenbait ariketa egiteko ohitura geureganatzeak.
Egunero dutxa hartu edo hortzak garbitzen ditugun bezala, eguneroko
ohitura bihurtu behar genuke erraz-errazak baina guztiz eraginkorrak
diren zenbait ariketatxo egitea.
Eta ariketa onuragarri guztietatik, batek merezi du bereziki gure
denbora eta arreta, berehalako atsedena ekartzen baitie etengabe
ahalik eta zorrotzen ikusteko ahaleginean ditugun gure begiei:

Eserita gaudela, ukalondoak mahai baten gainean jarrita, begiak
estali eskuez, ahurrak piska bat biribildurik eta begiak estutu
gabe. Hatzamarrak bekokian, esku batekoak bestekoen gainean. Minutu
batez eutsi, begi aurrean kartoi beltz bat irudikatuz geure baitan.
Astia baldin baduzu, musika lasaia entzun ariketa egin bitartean,
eta gustuko duzun ikuspegi bat irudikatu, sakon eta lasai arnas
hartzen duzun bitartean, harik eta zeure begiek eurek ere arnas
egiten dutela somatzen duzun arte, arnas botatze bakoitzaren bitartez
nekea eta tentsioa kanporatuz.
Begirada egokitzen

- Hatzamar erakuslea gorantz luzatu begi aurrean, sudurretik
arra betera.
- Hatzamarra mugitu gabe, arnas hartu eta ahal den urrunen begiratu
(1).
Arnasa barruan eutsi bi segunduz.
Begiak kliskatu.
- Aranasa kanporatu, begirada hatzamar puntan jarririk (2).
- Betaurrekorik edo ukipen-lenterik gabe egin behar da ariketa.
- Eta gogoan izan, osasuna hobetzeko zerbait egiten hasten baldin
bazara, ez utzi, eta bai eutsi: berandu gabe jasoko duzu saria.
Séneca-k omen zioen: "Bi zama dauzka bizitzak: disziplina
eta damua. Disziplinaren pisua gramotan neurtzen da, damuarena,
berriz, tonatan".
|