|
Halm eta laguntzaileen (1992c) arabera, RParen eta erretinosidun
sindromeen prebalentzia indizea (OMS) 100.000 biztanleko 22,35koa
da adin guztiak aintzat hartuta; sindromekoa ez den RParen indizea
(OMS), berriz, 100.000 biztanleko 13,80 eta 8,0 bitartekoa (Halm
eta Rosenborg, 1993).
Ikerketa multizentriko baten arabera, RP gaixoen kopuruak %21 egin
du gora azken 20 urteotan ARRP formari dagokionez (Hayakawa eta
lag., 1997). Gaixo guztietatik %65 inguru kasu ez-sindromikoak dira,
eta ia %35, aldiz, beste gaixotasun batzuekin loturikoak. Kasu ez-sindromiko
gehienak 30 urtetik gora diagnostikatzen dira, eta forma sindromikoak
sarri 6-18 urte bitartekoengan, eta edonola ere, gehienetan gaixoak
30 urte bete aurretik (Halm, 1992c; Halm, 1992b).
RPak 75 sindrometik gora biltzen ditu (Gutierrez-Torre,
1994), sarrien aurkitzen direnak ondokoak direla:
Aminoazidoetako, proteinetako
eta lipoproteinetako anomaliekin asoziaturiko sindromeak
Atrofia Girata; Kobalamina C akatsak (hemozisteinuria eta azidemia
metilmalonikoa); Zistinosia; Bassen-Kornzweig sindromea.
Akats lisosomikoekin asoziaturiko sindromeak
Mukupolisakaridosia (Hurler; Scheie; Hunter eta Sanfilippo sindromea);
Mukolipidosi IV.
Akats peroxisomikoekin asoziaturiko sindromeak
Zellweger sindromea (zerebrohepatorenala); Jaioberrien adrenoleukodistrofia;
Refsum-en gaitza.
Akats mitokondrialekin eta neuromuskularrekin
asoziaturiko sindromeak
Kearns-Sayre sindromea; Distrofia Miotonikoa; MELAS; Kanpo-oftalmoplegia
progresiboa; Hallerdoven-Spatz; Jouvert; Flynn-Aird sindromea; Batten-en
gaitza eta Atrofia Olibopontozerebrala.
Hezurdurako anomaliekin asoziaturiko sindromeak
Jeune (toraxeko distrofia asfixiagarria); Cockayne; Laurence-Moon
eta Bartet-Biedl sindromea; Osteoporosia.
Giltzurrunetako gaitzekin asoziaturiko sindromeak
Loken sindromea.
Gortasuna eta RP
Usher eta Alstrom sindromea (E. Refsum, S. cockayne, Rubeola-z
gain).
Usher gaitza izaten dute kasu sindromikoen %43k. Gaixotasun autosomiko
errezesiboa da, RParekin batera, entzumen galera kongenito neurosensorial
larria dakarrena. Lau mota bereiz daitezke, bakoitzak dakartzan
alterazioen arabera:
I MOTA: Jaiotzetik entzumen urritasun larria, orekako
asaldurak. Psikosia eta atzerapen mentala ager daitezke. Gau-itsutasuna
haurtzaroan edo nerabezaroaren hasieran agertzen da.
II MOTA: Entzumen urritasun ez hain larria, normaltasuna
oreka aldetik eta funtzio neurologikoen aldetik. Gau-itsutasuna
nerabezaroaren ondoren agertzen da.
III MOTA: II motaren antzekoa, baina entzumena gutxituz
doa pixkanaka; oreka aldetik ere galera sor daiteke. Kasu gehienak
Finlandian aurkitzen dira.
IV MOTA: Ezaugarriak zehaztu gabe. Erdiko ikusmena pixkanaka
galtzea.
Beste zenbait mota
Displasia Arteriohepatikoa; Coats eta Spielmeyer-Vogt (Batten-en
gaitzaren berdina, baina gazteengan aurkitzen dena) gaitzak; Fanconi
eta Jaeken sindromeak; Leber-en Sortzetiko Amaurosia eta Laigh-en
Gaitza; Rubeola edo Sifilisa bezalako gaitz kutsagarriek Erretinosi
Pigmentarioa sorrarazten dute.
Azido dokosahexaenoikoaren metabolismoarekin
asoziaturiko sindromeak (DHA)
Gantz-azidoen metabolismoak eragina izan dezake RPdun sindrome
batzuetan. DHA urritasuneko kasu batzuetan ikusmeneko aldaketak
sor daitezke, bai eta neuropatia periferikoak, eta, are garrantzitsuago,
zenbait ikerlanen arabera, DHA gabeziako kasuetan erretina-endekapena
aurkitzen da, fotohartzaileen diskoen berrikuntza kaltetzen duena
(Santos eta lag. 1995).
Ondoan doaz, labur azaldurik, gantz-azidoetako asaldurekin asoziaturiko
zenbait sindrome:
- Neuropatiadun bi sindrome: Zellweger sindromeak eta Jaioberrien
Adrenoleukodistrofiak (NALD) lotura dute peroxisomen funtzioko
anormaltasun sakonekin (Martinez, 1992).
Zellweger sindromea (ZS) eta NALD duten gaixoek garunean ohikoa
den DHA kantitatearen %35 eta %20 izaten dute, hurrenez hurren
(Martinez, 1992). Peroxisometan gantz-azidoen ß-oxidazioak
dituen akatsei egozten zaie katea luzeko gantz poliinsaturatuen
metaketa eta bereziki DHA eta 22:5?3 murrizketa eragitea. Voss
eta lag.en (1991) arabera, peroxisomak garrantzitsuak dira DHA
sortzeko, plasmalogenoak bezala. Schaefer eta lag.en (1995) arabera,
RP eta beste RPdun sindrome neurologiko batzuek aditzera ematen
dute mintzetako PLetako (fosfolipidoetako) DHA urritasuna neurologikoak
eta erretinakoak diren gaitz sorta baten osagai izan daitekeela.
Gaitz horietan afektazio metabolikoko maila ezberdinak aurki daitezke,
eta horiekin batera larritasun ezberdineko ondorioak azken buruko
formen artean: SZ eta ANLD, eta hain larriak ez diren beste forma
batzuk, hala nola, RP ez-sindromikoaren aldakiak. Azken aldian
ikusi da DHAdun tratamendu dietetikoa eraginkorra dela perixometako
nahaste metabolikoetarako. Bartzelonako Vall d´Hebron Haur-Amentzako
Ospitalean, Martinez eta laguntzaileek (2000) DHA tratamendua
ezarri diete Zellweger sindromedunei, eta hobekuntza nabaria izan
zuten ikusmenean, funtzio hepatikoan, muskuluen tonuan eta gizarte
portaeran; ondorioz, DHAk sindrome honen patogenesian oinarrizko
zeregina duela uler daiteke.
- Bassen-Kornzwelg sindromean (abetalipoproteinemia
izenez ere ezaguna), heredentzia-patroi errezesiboz maila baxua
aurkitzen da LDL, kolesterol eta triglizeridoetan (TG), eta defizita
bitamina liposolugarrietan eta gantz-azido esentzialetan. LDL,
VLDL eta TG xurgapena eta sorkuntza ere larri kalteturik aurkitzen
dira. Gantz-azidoak eta A bitamina bastoien kanpo-mintzaren bi
osagai dira, eta beraz, gai horietan eragina duen edozein irregulartasunek
fotohartzaileen endekapena lagun dezake. Ildo honetatik, frogatuta
dago abtalipoproteinemia A,E,K bitaminez eta ?3 gantz-azidoez
tratatuz gero zenbait anomalia, neurologiakoak eta begietakoak,
prebenitzen direla (McColl eta Converse, 1995). Zenbait pazientek
akanzitosia erakusten dute, eta idorreria, liseriketa arloko eragilerik
ageri ez dela (Willemin eta lag., 1987). Lipidoen eta bitamina
liposolugarrien gabezia eragiten duten xurgapen txarreko zenbait
sindromek antzeko ezaugarri neurologiko eta oftalmologikoz agertzen
dira sarri (Howard eta lag., 1982).
- Batten-en gaitzean (edo lipofuszinosia), DHA defizita
ageri da leukozitoetan eta garunean, bai eta gantz-azidoen defizita
eritrozitoen eta plaketen PLetan (Pullakart eta lag., 1982). Gaitz
honek txakurrengan hartzen duen forman, nabarmen handiturik ageri
dira DPA eta DHA mailak eritrozitoetan. Erretinako DHAren jaitsierak
aurkitu dira EPA eta DPA metabolitoen igoerekin batera. Erakutsita
dago korrelazioa dagoela RParen izaera patologikoaren eta DHA
erretinan eta RPEn -erretinaren epitelio pigmentuduna- sintetizatzeko
gaitasunaren alterazioen artean (Reddy eta lag., 1985). Oraindik
argitu gabe dago lipopigmentoen erakuntza (lipo-peroxidazioarekiko
bereziki sentikorrak diren pigmentu lipidiko ugari dauka erretinak)
eta zelula neuronalen apoptosia.
- Usher-en gaitzean (gortasuna duten forma sindromikoetatik,
sarrien agertzen dena) plasman diren PLen azterkuntzen bitartez
DHA eta azido arakidoniko defizita aurkitu da (Bazan eta lag.,
1986). Azido arakidonikoa PLetan sarrien aurkitzen diren gantz-azido
poliinsaturatuetan bigarrena da. Stanzial eta laguntzaileek (1991)
halakoen jaitsiera aurkitu zuten RP ez-sindromikoko gaixoengan.
Inositol-eko PLek zeregina izan dezakete ikus-zeluletan (Fein
eta lag., 1984; Brown eta lag., 1984), eta izan ere bereziki aberats
dira azido arakidonikotan. Azpimarratzekoa da, bai arakidonatoa
eta bai DHA, plasman diren PLetan ugarien diren gantz-azido poliinsaturatu
biak, urriago aurkitzen direla Usher-dun gaixoengan. Zehazki II
motako Usher sindromerako, lipidoen anormaltasunak eta garun atzealdeko
zirkulazio defizitaren froga neurorradiologikoak aurkitu dira.
Mota honetan nabarmenagoak dira DHA maila baxuak beste RP forma
batzuetan baino (Connor eta lag., 1997).
Frogatu egin dira ?3 gantz-azidoen gabezia kasuak neuropatiarekin
loturik (Holman eta lag., 1982). Katea luzeko PUFA asaldura gehienak
akats peroxisomikoek eraginak badira ere, oraindik ezin da ziur
erabaki RPan aurkitu diren DHAko anormaltasun lipidiko guztiak
asaldura peroxisomikoen ondorio ote diren. Jaso diren emaitzek
erakusten dutena da RP asoziatua egon daitekeela mailaren bateko
asaldura peroximikoekin (Schaefer eta lag., 995; Gong eta lag.,
1992, McColl eta Converse, 1995), zeinetan lipidoen metabolismoko
akats txikiek, eritrozitoetako PLetan DHA gutxitze apalen bidez,
erretinan eragina izan dezaketen, batez ere RP ez-sindromikoan,
edo begietarako kalteak handitu begiko proteinaren edo entzimaren
batean mutazioak dituzten gaixoengan (McColl eta Converse, 1995).
Alabaina, peroxisometan akats genetikoen gaineko asaldura biokimikoak
direla baieztatuko balitz, RP gaixoek adin handitan gaixotasun
neurologikoak eta miopatiak kopuru apalagoan jasan ditzaketela
esan nahiko luke, jaiotzetik edo bestela haurtzaroan edo gaztaroan
agertzen diren sindromeetan ez bezala.
Azido fitanikoarekin asoziaturiko alterazioak
IV motako Usher-en gaitzean maila altuxean aurkitzen da
azido fitanikoa (Weleber eta lag., 1984). RP sindromikoko beste
forma batzuetan ere (Refsum, Zellweger, Adrenoleukodistrofia)
aurkitu da azino fitanikoa kantitate handian plasman eta ehunetan
metaturik, azidemia pipekolikoan bezala (Britton eta lag., 1989).
Hala ere, Gaztaroko Refsum sindromean soilik aipatzen da
azido fitanikoa gaitzaren agente etiologiko gisa. Sindrome horrek
RP, zerebeloko ataxia, polineuropatia biltzen ditu, eta gainera,
anosmiarekin, gortasunarekin, iktiosiarekin, LCRan proteinak izatearekin,
bihotz-anormaltasuneko eta hezurdurako miopatiekin elkar daiteke.
Erretinan azido fitanikoa (azido 3,7,1,15-tetrametilhexadekanoikoa)
metatzearen ondorioz sortzen da sindrome hau. Metatzea 20 karbonoko
gantz-azidoaren katea adartuaren oxidazioan defizita izateak eragiten
du (Steinberg, 1995).
Azido fitanikoa gantz-azidoen ß-oxidaziotik metabolizatzen
da, baina lehenengo, beharrezkoa da a-oxidazioaren
ekintza entzimatikoa. Bazterturik dago Refsum-en gaitzaren sortzailetzat
ß-oxidazioaren asaldurak jotzen zituen hipotesia. Gantz-azidoen
a-oxidazioak zenbait entzima behar ditu,
mintzetan edo matrize mitokondrialean aurkitzen direnak: karnitina
palmitoiltransferasa I eta II, karnitina translokasa, berrikiago
aurkitu den katea luzeko entzima acil-CoA dehidrogenasa (CLACoA-DH),
eta proteina hirufuntziodun mitokondriala. Azken biak acil-CoA-esteres-era
metabolizaturiko kateak dira, disolbagarriagoa den inguru batera
transferiturik eta matrize mitokondrialaren barruan katea motzen
entzima espezifikoez (Pollitt, 1995) (1. irudia).

1. irudia. Katea luzeko gantz-azidoen ß-oxidazio
mitokondriala arnas-katearekiko harremanaz, eskema eran irudikatuta
(Pollit, 1995).
Hasiera batean pentsatu izan zen akats metabolikoa CLACoA-DHk
eragina zela, baina ez da hala: Refsum-en gaitzaren eragilea gantz-azidoen
a-oxidazioan lehen urratsa katalizatzen
duen fitanoil-CoA hidroxilasa (PhyH) proteina peroxisomikoa da (Singh
eta lag., 1993). Berrikitan froga argiak aurkitu dira entzima honen
aktibitatearen jaitsiera larriak Refsum sindromea dakarrela erakusten
dutenak (Jansen eta lag., 1997; Mihalik eta lag., 1997).
Azido fitanikoaren a-oxidazioan eta ß-oxidazioan akatsak
ageri dituzten 4 gaixotasun multzo aurkitu dira:
- Refsum-en gaitza, a-oxidazioan akasduna.
- Kondrodisplasia punktata errizomelikoa, azido 2-hidroxifitanikoaren
dekarboxilazioan akasduna.
- Asaldura peroxisomiko orokortuak, azido 2-hidroxifitanikoaren
dekarboxilazioan eta azido pristanikoaren ß-oxidazioan akasduna.
- ß-oxidazioko entzima peroxisomikoen defizit sinpleak,
azido pristanikoko akatsa dutenak, zeinek inhibizioz akats bat
eragiten duen azido fitanikoko a-oxidazioan. Akats hauek akats
peroxisomikoek eragiten dituzte (Ten-Brink eta lag., 1992, Singh
eta lag., 1993).
Kontrol arruntetan, azido fitanikoaren mailak ia detektaezinak
dira.
Azterketa batzuek azido fitaniko maila handiak aurkitu dituzte
anosmia edo/eta gorreria-ataxia duten RP ez-sindromiko gaixoengan,
baina maila nabarmen baxuagoak, hala ere, Refsum sindromedunengan
aurkitzen direnak baino.
Emaitza hauen arabera, beraz, RPdun gaixo batzuek beste sindrome
bat jasan dezakete, Refsum sindrome ez dena, sindrome hau azido
fitanikoaren gorakada diskretoekin lotua denez gero (Britton eta
lag., 1989). Hortaz, RP gaixo hauek beste mota bateko multzoa osatzen
dute, nahiz eta Refsum-en gaitzean aurkitzen diren kopuruen antzekoak
erakutsi. Ideia honi oinarria beste azterketa batek ematen dio,
Refsum sindromerik gabeko bost RP gaixorengan oinarritua (Pollitt
eta lag., 1995): azterketa horretan, lagin osasuntsuen eta sindromedunen
arteko mailan kokatu behar diren kopuruak aurkitu ziren.
Ez dakigu erretinan metatutako azido fitanikoak zein mekanismoren
bitartez sorrarazten duen RP. Levy-k (1970) proposatu zuen A bitaminaren
esterifikazioa gauzatzen den bitartean sartzen dela azido fitaniko
prozesuan, eta metabolizatu ezin den ester anormala eratzen duela,
baina hipotesi hau bazter uzten duten frogak aurkitu ziren (Bernstein
eta lag., 1992), eta horren ordez proposatu da azido fitanikoak
fotohartzaileen funtzioa eraldatzen duela azido fitanikoa bera LPra
eta triglizeriodetara batzearekin (McColl eta Converse, 1995). Era
honetan, Refsum gaitzean azido fitanikoak lekua kendu egiten dio
mintzetan DHAri. Frogatzeko dago oraindik azido fitanikoak DHA baztertzea
mekanismo nagusia ala osagarria den Refsum gaitzeko RPko patogenesian
(Schaefer eta lag., 1995).
Refsum pazienteekin azido fitanikoa hasiera estadioetan markatzaile
gisa erabiltzen denean, azido fitanikotan baxua den dietak emaitza
onak ekar litzake, metaturiko azido fitanikoa agortzen denean. Plasmaferesiak
ez du beti espero zen emaitza ekarri, eta oraindik ez da ezagun
ehunetako azido fitaniko metaketa deusezteko mekanismo eraginkorrik.
Azido fitaniko baxuko dietak (esnekitan eta hausnarkari gantzetan
soilik baxua, belar eta barazkietako orrietatik datorren azido fitanikoa
xurgatze zailekoa baita) hobekuntza dakar zeinu kliniko neurologiko
guztietan (Gibert eta lag., 1985, Claridge eta lag., 1992) eta eten
egiten ditu ikusmenerako kalteak (Hansen eta lag., 1996). Claridge
eta laguntzaileek (1992) 23 paziente erabiliz egin zuten atzera-begirako
ikerlanean ezin izan zuten dietak RPan duen eragin onuragarria frogatu,
paziente hauengan erdiko ikusmena ondo irauten bazuen ere. Batez
beste 11 urte igarotzen dira pazientea oftalmoloagana joaten denetik
Refsum gaitza diagnostikatu arte. Diagnostiko goiztiarra egiteak
garrantzi handia dauka RParen garapen neurologikoa prebenitzeko
orduan (Claridge eta lag., 1992) bai eta, ziurrenik, gaitzaren ondorioak
eta garapena gutxitu ahal izateko.
Beste alde batetik, Aveldaño eta Sprecher-ek (1987) eta
Rostein eta Aveldaño-k (1988) erretinan 36 karbono baino
gehiagoko katea luzedun gantz-azidoak (DHA) sintetizatu daitezkeela
azaldu dute, fosfatidilkolinaren frakzioaz asoziaturik (erretinan
kontzentrazio handian dago). Gaur egun ditugun datuen arabera, 32
karbono atomorainoko VLCPUFAk, normalean, azido mistirikoaren elongazio
prozesuaren parte gisa eratzen dira ugaztun gehienen ehunetan, eta
perixometan egiten da haien kontrola. Besteak beste erretinan, garunean
eta espermatozoideetan aurkitzen diren gantz-azido hauek ugari aurkitzen
dira RPdun sindromeen multzoko asaldura peroxisomikoak (Zellweger
sindromea, haurren Refsum eta Adrenoleukodistrofia bezalako neuropatiak)
dituzten gaixoengan (Poulos eta lag., 1992).
Ikusmenean VLCPUFA hauek eta errodopsinak nola elkar eragiten duten
ez da argitu erabat (Cinti eta lag., 1992). Ez ditugu ezagutzen
proteina esentzial hauen mekanismo eta funtzio zehatzak, baina ikerlan
batzuen arabera, errekoberina eta transduzinaren azetilazio prozesua
(fototransdukzioaren arduradun diren proteinak) fotohartzaileetan
gantz-azidoen konposizioan gertatzen diren aldaketek eragina da.
Aldaketok peroxisometako alterazioek eragiten dituzte, eta ondorioz
proteina hauek fotokitzikatzean lan egiteari uztea ekar dezakete,
bai eta parte hartu RParen mekanismo fisiopatologikoan eta zenbait
sindromerekin loturiko neuropatietan.
Proteinen azetilazio N-terminal glizina, azido miristikoak eragina
(C14:0) (miristolizazioa) deskribatu zen AMPz protein kinasa dependientearen
azpiunitate katalitikoan (Carr eta lag., 1982) eta errekoberinakoan
(Dizhoor eta lag., 1992, Johnson eta lag., 1994) eta transduzinaren
azpiunitatean (Neubert eta lag., 1992, Kokame eta lag., 1992). Ca++ra
loturiko errekoberina fotohartzaileen mintzekin batu dadin beharrezkoa
da gantz-azido hondakin bat, aipatutako proteinara kobalenteki lotua
(Dizhoor eta lag, 1993). Errekoberinaren zeregin bat guanilato-ziklasa
aktibatzea dela dakigu, baina ez mekanismoa zein den (Dizhoor, 1991;
Lambretch eta Koch, 1991). Guanilato-ziklasaren mutazioak (Balciuniene
eta lag., 1995; Gu eta lag., 1997; Fitzgibbon eta lag., 1996) aurkitu
izan dira RP gaixoengan. Errekoberinaren beste zeregin bat fotohartzaileetan
fosfodiesterasa GMPc-ren inaktibazioa erregulatzea izan daiteke
(Kawamura eta Murakami, 1991).
Burdin Lipoperoxidazioa eta Lipoproteinen Alteraziodun
sindromeak
Hipokolesterolemia kasuek antzekotasunak dituzte Bassen-Kornzweig
sindromearekin eta punctata albescens RParekin. Epitelio pigmentarioaren
eta bruch mintzaren artean lipido metatze handiak aurkitu dira.
Hipokolesterolemia eta oraindik sailkatu gabeko neuropatia larriak
dituzten zenbait kasu RParekin asoziaturik daude.
Hallervorden-Spatz gaitza (HSD) eta hipoprebetalipoproteinemia-ren
(HARP) antzekoak.
HSDak eta HARPak patroi autosomiko errezesiboa daramate.
HARPak, RP ez-sindromikoak bezala, normaltasuna erakusten du eritrozitoetako
hauskortasun osmotikoan.
HARP sindromeak hipoprebetalipoproteinemia, akantozitosia
eta burdin metaketek eragindako endekatze zurbila ditu ezaugarritzat,
eta aho-aurpegiko diskinesia, RP atipikoa, distonia eta dementzia
progresiboa dakartza. Gaitz honetan lipoproteinen anormaltasunak
azaltzen dira (gabezia prebetalipoproteinemian eta maila normala
apo E, apo B eta apo A-n), eta ondorioz kalte estrukturalak eragin
ditzake mintz neuraletan eta ez-neuraletan. Hala ere, sindrome hau
klinikoki bereizi behar da Hallervorden-Spatz (HSD) gaitzetik:
honek ere aho-aurpegiko diskinesia dauka, baina betalipoproteinen
presentzia normalaz (Higgins eta lag., 1992), eta soilik 1/3 eta
1/4 bitarte kasuetan aurkitu da erretinaren endekatze nabaria (RP
punctata albescens eta zezen-begiko makulopatia).
Endekapen zurbila eta HSDren substantzia nigraren pars retikulata,
axoi esferoidez osatua, eremu ganglio basaleko burdin metatzeek
eraginez sortzen dira (Seitelberger, 1986; Dooling eta lag., 1974).
Akantozitosia (Brin, 1993; Hardie, 1989; Luckenbach eta lag., 1983;
Swisher eta lag., 1972; Roth eta lag., 1971) eta RP aipatutakoekin
batera agertzen diren gaiztzat har daitezke. Hala ere, Higgins eta
laguntzaileek (1992) HARP terminoa sortu zuten eta anormaltasun
lipidikoen eraginari egotzi zioten HSDaren forma berezi honetan
akantozitosia (mintzen formazioko gaitzen ondorioa) sortzea.
Berrikiago, HARParen antzeko sindromea zuten hiru gaixo aztertu
ziren, eta batek soilik erakutsi zituen anormaltasun lipidikoak
(Orrel eta lag., 1995), ez ordea beste biek (Malandrini eta lag.,
1996). Dirudienez, akantozitosia ez du lipidoen asaldurak eragiten,
baizik eta zitoeskeletoko elementuek; hala ere, ezin izan dira eritrozitoen
mintzeko proteinen anormaltasunak aurkitu (Cooper eta lag., 1983;
Higgins eta lag., 1992). Bestalde, kontuan izan behar da Malandrini
eta laguntzaileen ikerlanean (1996) ez zirela ebaluatu prebetalipoproteinen
eta betalipoproteinen aldaki posibleak. Lipoproteinetako anormaltasunen
eta RParen arteko lotura argi ez badago ere, erretinaren endekatzean
ezaugarri kliniko ezberdinxeak erakusten dituzten bi gaitz hauek
RP ez-sindromikoaren ezaugarriekin bat datozela irizten diote adituok.
Zenbait ikertzaileren iritziz, burdinak zerikusia izan lezake errezeptore
postsinaptikoei loturiko dopaminaren modulazioan. Era berean, transferrinaren
eta burdinaren errezeptoreak ere oligodendrozitoetan daude baturik
garun normaletan, eta ondorioz funtzioren bat izan dezakete mielinizazioan.
CDG (glikoproteinen glikosilazioaren akatsa) sindromean
bezala, ataxia, polineuropatia, zerebeloko hipoplasia, adimen-atzerapena,
hepatopatia eta RP (Matthijs eta lag., 1997); Andréasson
eta lag., 1991; Strömland eta lag., 1990) duten RP ez-sindromikodun
familia batzuek (Andréasson eta lag., 1992; Unoki eta lag.,
1989), nahasteak erakusten dituzte transferinaren glikosilazioan.
Ez da oraindik aurkitu zer harreman duten glikosilazio izeneko akats
biokimiko honek eta RPak, baina RPdun familietan agertu egin daiteke
asaldura hori.
Aldeanitzekoa da burdinak garunaren metabolismoan daukan eragina,
baina hala ere azpimarratu behar da minberatasun selektiboa dutela
HSDan neuromelanina daukaten egiturek. Honen eragilea lipopigmentuaren
peroxidazioko anormaltasunen bat izan daiteke (Park eta lag., 1975;
Vakili eta lag., 1977; Yanagisawa eta lag., 1966) eta lipofuksina
metatze bat. Pigmentu hau melaninarekin batzen da (Feeney eta lag.,
1978) eta metatu egiten da adinarekin (Gaffney eta lag., 1980).
Metaturiko burdinak ziurrenik eragin fisiopatologikoren bat izango
du oxidazioan eta lipidoen eta DNAren peroxidazio erreakzioetan,
eta gaitasun hau irten egiten da kontrolpetik zelula-sistemetako
redox mekanismoak kaltetuta daudenean (ikus Swaiman-en Errebisioa,
1991). Ildo honetatik, kontuan izan behar da hipolipoproteinemia
kasuetan bitamina lipodisolbagarrien eta antioxidatzaile peroxidoen
gabezia egoerak sortzen direla: aztertutako animaliengan fotohartzaileetako
ROSetan lesioak eta HSDaren antzeko patroi neurologikoa aurkitu
dira, lipofuksina metatzearen ondorioz.
Hipobetalipoproteinemia familiarrean (herentzia autosomiko dominantekoa)
apo-B100 mailak erdira jaitsiak ageri dira (Granot eta Deckelbau,
1989; Lontie eta lag., 1990). Kasu gehienak asintomatikoak dira,
baina gutxi batzuek neuropatia periferikodun ataxia zeinuak, bai
eta RP (Scott eta lag., 1979; Granot eta Deckelbau, 1989; Kane eta
Havel, 1989) eta entzumen galera ezohikoa (Matsuo eta lag., 1994).
Hala ere, patroi autosomiko errezesiboko bide zen kasu honek zenbait
lipoproteinaren defizit ezohikoa erakusten zuen (A1, B, CII, CIII).
Ez zen ageri kasu honetan serum-eko PUFAren anormaltasun begibistakorik.
 |