|
Erretinosi pigmentarioan erretinaz kanpoko zenbait asaldura
aurki daitezke, hala nola angelu zabaleko glaukoma, keratokono,
miopia, post bitreo-askatzea eta kataratak. Azken hau da aurre-poloko
konplikazio sarriena.
Kataraten prebalentzia, 20tik 39ra adin tartean, %52koa da forma
autosomiko dominanteetan; %39koa autosomiko errezesiboetan, eta
%72koa sexuari loturiko formetan.
Gaixoen adina zenbat eta aurrerago, gehiago agertzen dira,
eta sarrien agertzen den forma atzeko azpikapsularra da, paziente
zaharrenengan nukleo esklerosira lotua.
Atzeko kapsula opako bihurtu arren, ez ohi da opakotasun hertsiegia
izaten, eta beraz, %10etik gorako ikus-eremua gordetzen duten pazienteak
ez dira oso ezgaiturik gelditzen katarata horien eraginez. Dena
den, gaixo batzuentzat ikusmen aldetik onuragarria izan daiteke
kataratak kentzea.
Aitzitik, ikus-eremua %10ekoa baino gutxiagokoa baldin badute,
murriztu egiten zaie pazienteei ikusmen zorroztasuna, eta handitu,
berriz, distirak itsutze ("deslunbratze") fenomenoarekiko
intolerantzia, atzeko opakotasun azpikapsularrak era anomaloan egiten
baitu argiaren difrakzioa.
Beti ere, gogoan izan behar da paziente hauen kataratak kirurgiaz
kenduz gero, ikusmen zorroztasuna hobetuta ere ez dela ikus-eremua
handituko. Bestalde, kontuan izatekoa da katarata-kirurgiaren ondorengo
errehabilitazioa egokiago burutzen dela operazioan begi-barneko
lentea ezartzen baldin bazaie.
Ondokoa da ebaketaren aurretiko azterketa gomendatua:
- Anamnesia: zehaztu egiten du gaitza zer adinetan hasi
zen, hasierako eta garaiko sintomak eta beroien garapena (geldoa,
20 urte baino gehiagokoa bada; ertaina 10etik 20ra, eta lasterra
10 urtetik beherakoa) eta hari loturiko gaixotasunak.
- Herentzia motaren azterketa.
- Zuzenduriko ikusmen zorroztasun hoberenaren azterketa,
Schenellen testaren bitartez.
- Aurre-segmentuaren azterketa, zirrikitu-lanparadun Biomikroskopiaren
bidez, batez ere gaixoak duen katarata mota zehazteko. Tonometria.
- Begi-hondoaren azterketa zeharkako oftalmoskopiaren bitartez,
atze-poloan izan daitezkeen asaldurak aztertzeko.
- Ikus-eremuaren azterketa.
- Azterketa elektrofisiologikoa (ERG eta Ikusmen Potentzialak).
- AFG edo azterketa angiografikoa, makularen egoeraz zalantza
dagoenean.
Gehienetan, erretinosi pigmentarioko gaixoek hobekuntza subjektiboa
izaten dute katarata ebaketaren ondoren. Emaitza subjektiboetan
zein objektiboetan oinarriturik, esan dezakegu kataratekin asoziaturiko
RPa duten pazienteentzat onuragarria dela kataraten kirurgia.
Oinarrizko bi ezaugarri hartu behar dira aintzat kataratadun RP
pazienteengan: sarrien agertzen den katarata mota zein den (azpikapsular
atzekoa), eta RPak eragindako ikus-eremu murrizketa.
Ikus-eremua murritza baldin bada (<100), erdiko kristalinoko
opakotasuna arazo handia bihurtzen da pazientearentzat, ikusmen
aldetik oso mugaturik gelditzen baita. Halako kasuetan, katarata
kentzeak onura handia dakarkio pazienteari ikus-zorroztasun aldetik.
Makulako patologia dagoenean, katarata kendu ondorengo emaitza
funtzionala hain onuragarria ez izatea espero daiteke.
Ebaketa aurretik eta ondoren aztertu diren kasu guztietan hobekuntza
izan da ikusmen zorroztasun aldetik. Salbuespen urriak erretinako
gaitzaren garapenaren ondoriozkoak dira, kataraten kirurgiak ez
baitu RPa geldiarazten.
Hortaz, RParen garapenak kaltetzen du ikus-eremua, eta ez ebaketak.
Kasu gehienetan, halere, ikus-eremua bere horretan gelditzen da,
handitu gabe, baina eraginkorrago bihurtuta.
Bestalde, harreman argia dago ikus-zorrotasuneko hobekuntzaren
eta pazientearen adinaren artean: zenbat eta gazteago gaixoa, areago
irabazten du ikus-zorroztasunean. Dena den, arlo horretan hobekuntzarik
jasoko den ala ez ezin daiteke erraz aurresan, eta beraz, ahalik
eta informazio hoberena lortzen saiatu behar dugu, gehiegizko esperantzarik
ez sortzeko.
Hobekuntza ziur bakarra kataraten arloan espero dezake pazienteak:
ebaketaren bitartez, kataratek zuzenean eragindako sintomak desagertzen
dira, batez ere distirak eragindako itsutzea edo "deslunbratzea".
Ikus-zorroztasunaren arloko hobekuntzak zein neurrikoak izan daitezkeen
jakiteko datu garrantzitsua makularen egoera da; ondorioz, makularen
azterketa zehatza egitea komeni da guztiz, bai oftalmoskopikoki
Goldmann lentea erabiliz, eta bai azterketa angiografikoa eginez
ere, makularen egoeraz zalantzarik egonez gero.
Honen guztiaren ondorioz, zalantzarik gabe esan daiteke RP eta
atzealdeko katarata azpikapsularra dauzkan paziente bati, atze-ganberan
begi-barruko lentea ezartzeko katarata-kirurgia egitea onuragarria
dela, beti ere makula egoera onean baldin badago.
 |